XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Urezko erloju baten konpainian.

Azken urteetan ez omen zen jaiki bere siloitik, haraxe ematen zioten jateko eta edateko neskameek, batez ere edateko, guztiak gazteak eta ipurdi beroak.

Baina ikusgarriena zera omen zen: beirazko bitrinetan zituen miniaturazko itsasuntzien gela.

Bilduta zeukan joan zen mendeko itsasuntzien historia: Mississipi ibaiatik gora eta behera ibili ohi ziren bapore haietako bat ere ba omen zuen, hiru mastatako clipperrak, erruberazko baporeak, elizedunak, karabela espainiarrak, brick ingelesak, bost mastatako holandarrak eta turkiarren galerak.

Aberastu egin zen Cariben nonbait, urre eta armen trafikoan kargero batetan.

Emazteak eta bi seme-alabak alde egin zioten hirira, trataezina eta jenio txarrekoa bait zen, batez ere koinak botila eskuetatik kentzen ez zuelako.

Etxe osoa da betirako lehorreratu den untzia.

Ondoan, Feliperen taberna dago, orain itxita.

Leihoak puskatuta dauzka eta bere barruan edari-kaxak eta periodiko paperak pilatzen dira, anabasa ilun batetan.

Han dagoenari erreparatzeko beharrezkoa da poxpolu bat piztea.

Horregatik beharbada biltzen dira neguko gau gordinetan auzoko katu eta kateme, makakorro galantekin.

Nik gogoratzen dudanez, leku alaia izan zen eta kanpotik ere etortzen zen jendea tragu bat hartzera, (...).